Sala 2.10 Yacimiento de La Celada - Nafarroako Museoa

Aldi baterako mikroerakusketa "La Celada: Brontze Aroko altxor bat"

Otsailaren 5etik irailaren 6ra

“La Celada de Tafalla: un tesoro de la Edad de Bronce”

La Celada dermioan (Tafalla) legar-hobi bat ustiatzen ari zirela Zaragoza eta Iruña artean Prestazio Handiko Trenaren linearen eraikuntza-lanak materialez hornitzeko, Brontze Aroko aldi baterako kokagune bat agertu zen, eta, hari esker, Nafarroako historiaurreko biztanleriaren jarduera erritual eta ekonomikoak dokumentatu dira. Kobrezko lingoteen multzo bat dugu, zeramikazko ontzi batean aurkitua; aparteko kasua da Nafarroan, eta oso berezia nazioartean

Arkeologiako kultura-ondarea bereziki hauskorra da, gure lurraldearen zero kotaren azpitik baitago. Funtsezkoa da, ez bakarrik gure iragana ezagutzeko, baita gure oraina ulertzeko ere; izan ere, iritsi zaizkigun hondakin materialak zorrotz interpretatuz, jabetzen gara gaur egungo bizitzak zerikusi handia duela aspaldiko iraganarekin. Horrenbestez, garrantzitsua da arkeologia-ondare hori arduraz eta profesionalki kudeatzea eta aztertzea. 
Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundearen arkeologia-politiketan jasota dauden jardunbide egokiek eta Nafarroan diharduten arkeologiako profesionalenek bide ematen dute gure zoruak gordetzen duen kultura-ondarera iristeko. Horregatik, eta Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundearen bitartez Nafarroan egiten diren azpiegitura publiko handien esparruan dagoen prospekzio-, gainbegiratze- eta ―hala badagokio― indusketa-politikari esker, beste bide batzuetatik gertaezinak diren aurkikuntza arkeologikoak lortzen ahal dira. Aurkikuntza horiek kontu handiz kontserbatu eta zaharberritu behar dira, eta Nafarroako Gobernuko Arkeologia Funtsak arduratzen dira horretaz, haiek jagoten baitituzte.
Aldi baterako erakusketa honek adibide bikaina dakarkigu: La Celadako (Tafalla) kokagunea, zeina Prestazio Handiko Tresna egiteko ADIFek sustatutako obrak egin bitartean aurkitu baitzen. Horren haritik, 2020an, Olcairum Estudios Arqueológicos enpresak, Txaro Mateo eta Javier Nuin arkeologoen zuzendaritzapean, La Celadako kokagunea aurkitu zuen, Erdi Brontze Arokoa. Bi etxola ditu, elkarrengandik 200 metrora baino gehiagora, eta, haien inguruan, “zulo-zelaien” berezko ehun bat egitura aurkitu eta induskatu ziren 2020 eta 2024 bitartean; egitura horiek silo, biltegi edo hileta-erritualetarako eremu gisa erabili ziren nagusiki. Hilobi batzuk eta bereziki ongi kontserbatutako multzo zeramiko bat nabarmentzen dira, baita ikusgai dagoen metalezko ontzia ere: zulo batean sartuta zegoen, eta, barruan, kobrezko 191 lingote aurkitu ziren, 183 aizkora txiki formakoak (18-22 gramo), eta 8 “zapata-zola” gogorarazten duen formakoak (250-320 gramo).
Multzo ezohikoa zenez, komenigarritzat jo zen diziplina anitzeko azterlan bat egitea, eta, horretarako, lantalde bat sortu zen, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren kudeaketapean eta Ignacio Montero (CSIC) eta Manuel Rojo (Valladolideko Unibertsitatea) doktoreen zuzendaritzapean. Horrez gain, Olcairum SL enpresako arkeologoak biltzen ditu taldeak, baita Madrilgo Unibertsitate Autonomoko zenbait aditu ere (Rafael Garrido, Pedro Muñoz eta Carmen Gutiérrez doktoreak). Honako azterlan hauek egin dira:  
X izpien fluoreszentzia, metalaren osaera zehazteko, eta metalografia, lingoteen beroko lan-faseak ulertzeko; biak CSICen Materialen Arkeometriako Laborategian egin dira, Ignacio Montero doktorearen ardurapean. Berunaren isotopoen analisia, mineralaren jatorria zehazteko, DMT-Gesellschaft für Lehre und Bildung elkartean (Bochum, Alemania). Trazeologia, lingoteen hotzeko tratamendua aztertzeko, Pedro Muñozen eta Carmen Gutiérrezen (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) ardurapean. Eta, azkenik, galdaketa-prozesu esperimental bat, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gaitasun zientifiko eta teknikoen batura horrek bide eman du, berriz ere, Nafarroako kultura-ondarea berreskuratzeko, eta, horrela, gizarteari itzultzen zaio lurpetik berreskuraturiko ezagutza hori, zabaldu dadin. 
Azterlan horietako batzuk oraindik abian dira, eta besteak bitarteko espezializatuetan argitaratzear daude, baina guztiek diote jatorri, forma, banaketa eta pisu estandarizatuagatik metalezko multzoa duela 3.500 urte datatuko litzatekeela eta, besteak beste, moneta aurreko elementu gisa hartzen ahalko litzatekeela, erregistratuta dauden antzinakoenetakotzat. Garrantzitsua da materialen jatorria, merkataritza-harremanen ibilbideak erakusten baititu, Atlantikoan zeharrekoak. Gai horrek ere agerian jartzen du historiaurrearen globalizazioa; hala ere, egun aztergai da, eta oraindik ez da argitaratu. 
Aipatu eta eskertu beharra dago ADIF Alta Velocidadek hartutako konpromisoa, bai landa-lanean, bai geroagoko azterlanetan, zeinak Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundearekin eta PALARQ Fundazioarekin batera finantzatu baitira. Eskerrik asko, halaber, beren ardura eta interesagatik, CSICi, Valladolideko Unibertsitateari eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoari. Aipatzekoa da, baita ere, Berta Balduz teknikariak koordinatu eta Miriam Pérezek (Acción Patrimonio Cultural) gauzatu duten zaharberritze-lana. 
Erakusketa- eta bitartekotza-proiektu honek, noski, La Celadako metalezko multzo berezi hau aurkeztu nahi die herritarrei, eta agerian jarri nahi du Foru Komunitateko arkeologia-ondarearen kudeaketa, baina, horrez gain, merezi bezala ezagutarazi nahi du arkeologia-lanetan esku hartzen duten profesionalen talde ugari eta konprometitua, baita hari publikoki eskerrak eman ere. Izan ere, lan horiek ez dira agortzen aurkikuntzak gizarteari aurkeztu arte, behar bezala kontserbatu ondotik, eta datu teknikoak argitalpen zientifikoen bitartez zabaltzen dira. Kasu honetan, lanei buruzko memoria bat eginen da, Kultura Zuzendaritza Nagusiko arkeologo Jesús Sesma Sesmak koordinatuta. 
 

Komisarioak

Txaro Mateo Pérez

Txaro Mateo Pérezek Historiako lizentzia burutu zuen Salamancako Unibertsitatean (espezialitatea: Antzinaroaren Historia), eta Kultura Kudeaketan masterra egin zuen Universitat Oberta de Catalunyan (UOC).
Olcairum Estudios Arqueológicos SL kudeatzen du, zuzendarikide gisa, 1995etik gaurdaino. 
Olcairum Estudios Arqueológicos (1995 - gaur egun): etnografia-, arkeologia- eta kultura-ondareko zerbitzuetan espezializatutako enpresa da, eta jarduera-arlo nagusi hauek ditu:
- Prebentzio-arkeologia: hirigintza-garapenei eta azpiegiturei lotutako esku-hartzeak kudeatzea eta gauzatzea.
- Kontserbazioa eta garrantzia nabarmentzea: ondare historikoko ondasunak berreskuratzeko, sendotzeko eta zabaltzeko proiektuak.
-Aholkularitza teknikoa: ingurumen-inpaktuaren azterketak, inbentario etnografikoak eta aholkularitza espezializatua.
 

Javier Nuin Cabello

Javier Nuin Cabellok Geografia eta Historiako lizentzia burutu zuen Nafarroako Unibertsitatean (1988), Historiaurrea espezialitatean, eta Historiaurreko lizentzia Salamancako Unibertsitatean (1991), graduarekin. Ikasketa hondarreko aparteko saria lortu zuen 1992an Salamancako Unibertsitatean.
Arkeologo gisa aritua da lanean Salamancako Unibertsitatean, Salamancako Diputazioan, Gaztela eta Leongo Juntan eta Madrilgo Erkidegoan 1993 eta 1996 bitartean.
Arkeologo eta arkeologiako marrazkilari gisa egin du lan Nafarroako Gobernuan 1992 eta 2001 bitartean, Nafarroako Museoaren Atalean, eta Andelos, Cara, Arrada eta Arellanoko eta Iruñeko Katedraleko arkeologia-aztarnategietan.
Olcairum Estudios Arqueológicos enpresan egin du lan 1995etik 2026ra, zuzendarikide gisa, obra publikoen prospekzio-, indusketa- eta jarraipen-lanetan, nagusiki Nafarroan
 


Erakusketen artxibo historikoa

Inicio - Pie de página