Bildumak - Nafarroako Museoa

Bildumak

Nafarroako Museoa museo orokorra da, eta historiaurretik gaur egun arteko Nafarroako kultura ondarea biltzen du. Bildumen eraketa oso ongi azaltzen da haien historiagatik: Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordeak bildu zituen zaharkinak, indusketa eta aurkikuntza arkeologikoetatik datozen ondasunak, eta Vianako Printzea Erakundeak XX. mendeko 40ko hamarkadan Nafarroako hainbat tenplutan egindako zaharberritze lanetan aurkitu zituen horma pintura gotikoen multzoa, besteak beste; garai hartako irizpideei jarraikiz, pintura horiek hormatik kendu, eta mihise batera pasatzen ziren, Nafarroako Museora eramateko asmoz, orduan museoa proiektu bat besterik ez bazen ere.

Nabarmentzekoak dira honako ondasun hauek: Iruñeko katedraletik 1948an ateratako  ondasunak (fatxadako eta klaustroko kapitel erromanikoak, horma pintura gotikoen multzoa eta txanponen bilduma); Orizko Jauregitik 1955ean ekarritako grisaila errenazentistak –Ferrer familiaren dohaintza–; Leireko kutxatila, Iruñeko katedraletik ekarria 1966an; Goyaren San Adriango markesaren erretratua, 1966an haren ondorengoei erositakoa; Josefina de Felipek 1978an legatutako altzariak eta dekorazio lanak; Nafarroako Pintura eta Eskultura Sarietan irabazle izandako arte garaikideko lanak, eta Nafarroako argazkigintza artistikoaren aitzindarien argazki funtsak. Azken horien artean, nabarmenenak dira honako hauen bildumak: Nicolás Ardanaz, Pedro María Irurzun, Iruñeko  Zaragüeta estudioa eta Lydia Anozen obraren dohaintza berria.

Bilduma numismatikoa ere oso garrantzitsua da, Nafarroako historiari lotutakoa, txanpon propioa izan baitzuen 1834. urtera arte. Gutxi gorabehera 15.000 txanpon eta txanpongintzako 369 estanpa ditu, Nafarroako Erresumako hiriburua zen Iruñeko txanpon etxeko bolantedun prentsarekin batera gordeak, baita beste osagarri batzuk ere, iraganean Erresumaren txanpona nolakoa zen jakitea ahalbidetzen dutenak.

Nafarroako Museoak XXI. mendeko Nafarroako arte garaikidearen bilduma handi bat du, eskulturak, pinturak, argazkiak, instalazioak eta bideosorkuntza barne hartzen dituena.

Gainera, Nafarroako Museoak gordailuan utzi ditu hainbat pieza, eta han-hemenka daude erakusgai. Horien artean, aipatzekoa da formatu handiko eskultura bilduma bat, Bertizko Jaurerriko parkearen sarreran dohainik ikus daitekeena, Oieregin (Bertizarana).


Gehiago jakiteko


  • Nafarroako arqueologia
  • Mundu klasikoa
  • Hileko pieza, Nafarroako Unibertsitateko Nafarroako Ondare eta Arte Katedra
  • ...dela kausa
  • Pregón aldizkariko artikuluak


Online katalogoa


Sartu hemendik CER.ESen (Colecciones en Red) eskuragarri dauden Nafarroako Museoko piezetara: online katalogo kolektibo bat, Espainiako Museoen Bildumen Sare Digitala osatzen duten museo guztien bildumak agertzen dira eta osatzen dituzten kultura-ondasunen aukeraketa garrantzitsu baten informazioa eta irudiak biltzen dituena.


Piezen mailegua


Museoen Zerbitzuaren eginkizunen artean dago foru titulartasuneko museoetako bildumak osatzen dituzten funtsen zabalkundea. Aldi baterako erakusketetarako piezak mailegatzeak kultura ondasun horiek zabaltzen laguntzen du.
Foru titularitateko museoetako interes kulturaleko edozein ondasun maileguan hartzeko, ondasuna hartzen duen pertsonak edo entitateak baldintza berezien agirian agertzen diren baldintzak onartu behar ditu. Agiri horren jatorrizkoa museo emaileari igorriko zaio, behar bezala sinatu ondoren, mailegu hartzaileak baldintzak onartzen dituela frogatzeko.

Inicio - Pie de página