María Jiménez Morenoren “Meditazioak”

23/05/11tik 24/03/17ra


Nafarroako Museoan María Jiménez Morenoren Meditazioak erakusketa egonen da 2024ko martxoaren 17ra arte. Erakusketa honetan artista nafarraren sei obra daude, batzuk berariaz proiektu honetarako eginak.

Erakusketan artistaren obra berrienak biltzen dira, 2022an eta 2023an sortuak, eta Nafarroako museoarena den 2009. urteko pieza bat. Gainera, Jiménez Morenok bere proiektuan sartu du Exvoto eskultura, Alfredo Sada artista faltzestarrak (1950-1992) 1990ean egina. Nafarroako museoko bilduman dago, erakusketa iraunkorrean normalean, eta orain kaperara eraman dute.

Erakusketa Arte oro garaikidea da programaren parte da. Nafarroako Museoaren kaperan garatzen da, eta oraindik lanean dauden artista nafarren aldi luze baterako erakusketak barne hartzen ditu. Bertan, 2018tik, artista hauek parte hartu dute: Dora Salazar, Carlos Irijalba, Celia Eslava, Gentz del Valle eta Javier Muro.

Meditazioak Nafarroako Museoaren kaperan

Erakusketak espazioarekin hitz egiten du, eta otoitz, meditazio eta introspekziora gonbidatzen duen toki bat iradokitzen du. Nor bere baitan dagoelako sentsazioa sortzen da, argiztapenaren eta errepikapenaren bidez gauzatua. Sakratuaren eta profanoaren arteko elkarrizketa bilatzen da, barrokoaren eta primitiboaren artekoa, haragiaren eta espirituaren artekoa. Meditazioranzko bidea.

Meditazioak izadiari eskainitako ofrenda gisa agertzen da. Bertan, elementuek exvoto bat osatzen dute, hormetan edo tenpluen teilatuetan zintzilikatzen den eskaintza bat, egin beharreko bidearen erakusgarri, eta «bizitzaren ernamuina» iradokitzen dute, sorkuntzaren eta interkonexio unibertsalaren sinbolo bihurtzen dena.

Duela urte batzuetatik hona, María Jiménez Morenoren obrak ehungintzan jartzen du arreta, bereziki kakorratz-lanean, teknika tradizionalak berreskuratzeko eta jatorri antropologikoak zein kulturalak bilatzeko metodo gisa.

Meditazioaren sinbolismoak

Erakusketa Fe izeneko pieza batekin hasten da. Pieza horrek zafu kuxin bat –meditazioarako eserlekua– irudikatzen du. Jarraian, Basoa dago, kakorratz-eskultura handien instalazio bat, kaperaren habeartea hartzen duena.

Aurrerago Misterioak ikusten ditugu. Obra hori lau irudi obalatuz osatuta dago, eta, bertan, Barrokoko vanitas margoetan oinarritutako lore-sorta batzuk irudikatzen dira. Denboraren joanaz eta bizi-zikloaz (errepikatzen den mantra jarraitu gisa) hitz egiten digu.

Gero San Joan Bataiatzailearen erretaulara iritsiko gara. Bertan hutsune bat dago, eta artistak Germen instalatu du, irekitzen den jatorrizko hazia, baita Arrautza Kosmikoa ere, jatorri berria bilatzen duena.

Germen-en aurrean, Lekak instalazioa dago. Sei ehun-eskultura eseki ditu, eta lurrean jarritako zeramikazko sei ontzi, haietatik erortzen diren fruituak «jasotzen» dituztenak. Arrautza-ontzi horiek erritual budistekin daude lotuta, hala nola uraren ofrendarekin, baina obra honetan badirudi, continuum infinitu baten moduan, landarea bere hazira itzultzen dela, bere urrezko matrizera.

Erretaula nagusiaren parean Exvoto dago, Alfredo Sadaren eskultura (Nafarroako museoarena), bide honen abiapuntu den Fe piezaren aurrez aurre eta horri lotuta. Bi piezak Basoaren bidez daude elkarrizketan, eta ofrenda gisa agertzen dira kultu-espazio horretan, esker ona adierazteko.

Ibilbidea formatu handiko obra batera iristen da: Loreak Mariarentzat. Urre koloreko ehun angeluzuzen batez osatuta dago, eta haren erdian mandorla itxurako beste ehun bat dago, Andre Mariaren sinbologiako lorez estanpatua. Lore batzuk brodatuak daude, eta beste batzuk kakorratzez ehunduak; horrela, bi dimentsioak hausten dira, estanpatik hazteko, ikonoa apurtu eta materia bihurtzen da, sinbolikotik errealera bidea eginez.

Bisita gidatuak eta jarduerak

Erakusketak bisita lagunduak eskainiko ditu igande batzuetan, laster argitaratuko den egutegi baten arabera. Egutegi hori maiatzaren 14an (igandea) hasiko da, 11:30ean, artistak berak eta erakusketaren komisarioak egindako bisitarekin, eta beste bat hitzartu da ekainaren 25erako (igandea), 12:30ean, Ángel Macíasen eskutik.

Uztailean eta abuztuan, haurrentzako udako tailerrek erakusketa hau izanen dute ardatz nagusia. Tailerrak 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat pentsatuta daude, eta Teak emanen ditu teilatuan, formatu elebidunean, gaztelaniaz eta euskaraz. Izen-ematea ekainaren 10ean hasiko da, aurrerago jakinaraziko den bezala.

Hurrengo bisitak lagunduta:

Irailak 24, 12:30ean (gaztelaniaz)

Urriak 22, 12:30ean (euskara)

Azaroak 26, 12:30ean (gaztelaniaz)

Urtarrilak 14 (2024), 12:30ean (gaztelaniaz)

Otsailak 18 (2024), 12:30ean (euskara)

Martxoak 17 (2024), 12:30ean (gaztelaniaz)

María Jiménez Moreno (Pamplona 1978)

María Jiménez Morenok (Iruñea 1978), Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatuak, prestakuntza jaso du hainbat diziplina eta tailerretan, hala nola ilustrazioan, zeramikan edo eszenografian, besteak beste. Gaur egun, batez ere ehun-artea lantzen du, bereziki kakorratzez ehundutako eskulturarekin, eta, batzuetan, beste mintzaira batzuekin konbinatzen du, hala nola argazkiak, marrazkiak, zeramikak edo instalazioak. Bere lengoaia plastiko eta kontzeptuala errealismo magikoari dago lotuta, zentzumenen alderdia errealitatearen pertzepzioaren zati gisa indartzea interesatzen baitzaio, bai eta erreala eta asmatua lotzea ere, lurralde liriko pertsonal bat landuz.

2006an Arte Plastikoak. Artista gazteen topaketak lehen saria lortu zuen, eta 2008an eta 2022an Arte plastiko eta ikusizkoak sortzeko laguntzak jaso zituen, guztiak ere Nafarroako Gobernuak emanak.

Hainbat topaketa artistikotan parte hartzeko hautatu dute, hala nola 948 Merkatuaren bigarren edizioan, Nafarroako Arteen Merkatua eta Profesionalen Topaketarako Foroa den horretan, Nafarroako Gobernuak 2018an antolatua, 2013an Évoran (Portugal) egindako Praxiari eta arte garaikidearen testuinguruari buruzko Nazioarteko I. Sinposioan, bai eta 2009an Gasteizen egindako Inmersiones topaketan ere.

El pasillo eta Artamugarriak taldeetako kidea izan da, eta hainbat ekintza eta erakusketa artistiko egin ditu haiekin.

Haren obra Nafarroako museoan, Nafarroako Gobernuko Gazteriaren Institutuaren bilduman eta bilduma partikularretan dago.


Erakusketen artxibo historikoa