Museo irisgarria - Nafarroako Museoa
Museo irisgarria
Nafarroako Museoa, museo irisgarria
Instalazioak eta zerbitzuak jende ororendako irisgarriak izatea da museoaren helburu nagusietako bat. Egunero lan egiten dugu jende guztiak bermatuak izan ditzan bildumetarako sarbidea eta gozamena, eta oso kontuan hartzen ditugu desgaitasuna, mugikortasun murriztua edo premia berariazkoak dituzten pertsonen behar bereziak.
Museora etorri baino lehen, hona idatz dezakezu zernahi kontsulta egiteko: museo@navarra.es
Espazioak eta ekipamenduak
Oztoporik gabeko museoa
Oztopo arkitektonikoak ezabatzea izan da Nafarroako Museoaren azken urteetako jarduera-ardatz nagusietako bat. Gaur egun, jendearendako zabalik dauden eremu guztietara sar gaitezke gurpil-aulkian, ez baitago inolako oztoporik. Bestetik, zenbait zerbitzu ere paratu ditugu, hala nola arrapalak, komun egokituak, igogailuak edo eserlekuak, museoan barrena errazago ibil gaitezen denok.
Plano irisgarria
Leihatilan dago eskuragarri. Museoko solairuetan barrena doan ibilbide bat da, eta Arte oro da garaikidea proiektuaren arabera antolatua dago.
Komun egokituak
Komun egokituak honako eremu hauetan daude:
- Beheko solairuan, ekitaldi-aretoaren ondoan
- Beheko solairuan, igogailuaren ondoan. Haurtxoak aldatzeko mahaia dauka.
Gurpil-aulkiak mailegatzea
Bi gurpil-aulki dauzkagu hala behar dutenendako. Museoaren atarian dagoen leihatilan eskatu behar dira.
Itsu-txakurrak
Itsu-txakurrak eta laguntza-txakurrak ongi etorriak dira.
Zerbitzuak eta baliabideak
Sarrera doan
Desgaitasuna egiaztatua duten pertsonak doan sartzen ahal dira museoan. Laguntzaile baten beharra badute, hark ere ez du ordaindu beharko.
Bisitaldian zehar, aretoko langileak adi egonen dira irisgarritasuna bermatzearren; museoak dauzkan baliabideen berri ere emanen diete bisitariei, haien interesen eta ezaugarrien arabera.
Argitalpen irisgarriak
Museoak irakurketa errazeko argitalpenak ditu bisitariendako. Haiei esker, dibertsitate kognitiboa edo intelektuala duen edonork bere kabuz egin dezake museoan barnako bisitaldia. Braille sisteman ere badago materialen bat edo beste, itsuentzat edo ikusmen-urritasuna dutenentzat.
Calícratesek aztertu eta baliozkotu ditu argitalpen guztiak (irisgarritasun unibertsalean espezializatutako enpresa bat da Calícrates).
Material horiek doan ematen dira leihatilan, eta baten batzuk hemendik deskarga daitezke:
- Historiaurreko gelan ikusgai dauden piezak irakurketa errazean.
- Irakurketa errazeko gida: “Sei maisulan”.
- Argitalpena Braille sisteman: “Sei maisulan”.
- Irakurketa errazeko gida: “Arte oro da garaikidea”.
- Argitalpena Braille sisteman: “Arte oro da garaikidea”.
- Irakurketa errazeko gidak aldi baterako erakusketei buruz (museoko leihatilan eskura daitezke, baita erakusketa-aretoan bertan dagoen QR kode baten bidez ere).
- Nafarroako Gobernuaren ondasun eta zerbitzu kulturaletarako irisgarritasunaren eskuliburua.
Begizta magnetikoa
Leihatilak eta ekitaldi-aretoak soinua anplifikatzeko sistema iraunkor bat daukate audifonoak erabiltzen dituztenendako; indukzio magnetikoko begizta baten bidez dabil (“T” aukera sakatu behar da, telebobina izenekoa). Leku horietan begiztaren ikonoa dago ikusgai.