Nafarroako Museoa, museo irisgarria

Instalazioak eta zerbitzuak jende ororendako irisgarriak izatea da museoaren helburu nagusietako bat. Egunero lan egiten dugu jende guztiak bermatuak izan ditzan bildumetarako sarbidea eta gozamena, eta oso kontuan hartzen ditugu desgaitasuna, mugikortasun murriztua edo premia berariazkoak dituzten pertsonen behar bereziak.

Museora etorri baino lehen, hona idatz dezakezu zernahi kontsulta egiteko: museo@navarra.es  

Espazioak eta ekipamenduak

Oztoporik gabeko museoa
Oztopo arkitektonikoak ezabatzea izan da Nafarroako Museoaren azken urteetako jarduera-ardatz nagusietako bat. Gaur egun, jendearendako zabalik dauden eremu guztietara sar gaitezke gurpil-aulkian, ez baitago inolako oztoporik. Bestetik, zenbait zerbitzu ere paratu ditugu, hala nola arrapalak, komun egokituak, igogailuak edo eserlekuak, museoan barrena errazago ibil gaitezen denok.

Plano irisgarria
Leihatilan dago eskuragarri. Museoko solairuetan barrena doan ibilbide bat da, eta Arte oro da garaikidea proiektuaren arabera antolatua dago.

Komun egokituak
Komun egokituak honako eremu hauetan daude:
- Beheko solairuan, ekitaldi-aretoaren ondoan
- Beheko solairuan, igogailuaren ondoan. Haurtxoak aldatzeko mahaia dauka.

Aulkiak mailegatzea
Bi gurpil-aulki dauzkagu hala behar dutenendako. Museoaren atarian dagoen leihatilan eskatu behar dira. Aulki tolesgarriak ere baditugu, museoko hainbat tokitan banatuta, bisitan zehar atseden puntuala hartzeko. 

Itsu-txakurrak
Itsu-txakurrak eta laguntza-txakurrak ongi etorriak dira.

Zerbitzuak eta baliabideak

Sarrera doan
Desgaitasuna egiaztatua duten pertsonak doan sartzen ahal dira museoan. Laguntzaile baten beharra badute, hark ere ez du ordaindu beharko.
Bisitaldian zehar, aretoko langileak adi egonen dira irisgarritasuna bermatzearren; museoak dauzkan baliabideen berri ere emanen diete bisitariei, haien interesen eta ezaugarrien arabera.

Argitalpen irisgarriak
Museoak irakurketa errazeko argitalpenak ditu bisitariendako. Haiei esker, dibertsitate kognitiboa edo intelektuala duen edonork bere kabuz egin dezake museoan barnako bisitaldia. Braille sisteman ere badago materialen bat edo beste, itsuentzat edo ikusmen-urritasuna dutenentzat.
Calícratesek aztertu eta baliozkotu ditu argitalpen guztiak (irisgarritasun unibertsalean espezializatutako enpresa bat da Calícrates).
Material horiek doan ematen dira leihatilan, eta baten batzuk hemendik deskarga daitezke:

Begizta magnetikoa
Leihatilak eta ekitaldi-aretoak soinua anplifikatzeko sistema iraunkor bat daukate audifonoak erabiltzen dituztenendako; indukzio magnetikoko begizta baten bidez dabil (“T” aukera sakatu behar da, telebobina izenekoa). Leku horietan begiztaren ikonoa dago ikusgai.