Pompeloko Togaduna museoko bildumaren parte da

Nafarroako Gobernuak Pompeloko Togaduna erosi du, Iberiar Penintsulako brontzezko bi togadun bakarretakoa. Artelan honen garrantzi kultural eta historikoak foru museoaren bilduma aberastea dakar.

Nafarroako Gobernuak, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundearen bitartez, jabearekin itxi du II. mendeko brontzezko eskultura honen salerosketa. Horrela, Pompeloko Togaduna bilduma iraunkorraren parte izango da.  Kontratuaren sinadurak barne hartzen du 620.000 dolar ordaintzea, 572.610 euro trukean. Kultura eta Kirol Ministerioaren Espainiako Ondare Historikoko Ondasunen Kalifikazio, Balorazio eta Esportazio Batzordeak berretsi ditu bai salerosketa eta bai prezioa, Nafarroako Gobernuari igorritako txostenaren arabera.

Prentsa-oharra

Estatua Iruñean aurkitu zuten 1895ean, baina 2015era arte ez da jakin non zegoen: urte hartan, ordea, jakin zen Ipar Amerikako bilduma partikular batean aurkitua zutela. 2022an, Nafarroako Gobernuak aldi baterako gordailutze-hitzarmen bat sinatu zuen jabearekin, bi urterako eta ordain ekonomikorik gabe; hala, Togaduna urte bereko maiatzaren 12an iritsi zen Nafarroako Museora Estatu Batuetatik, eta iazko ekainaren 17tik 1.5 aretoan dago ikusgai.

Pompeloko Togaduna berreskuratzeak aukera eman du pieza aparta hori bere jatorrira ekartzeko berriz eta Nafarroako Kultura Ondarearen ondasun gisa aintzatesteko. 2022ko ekainaz geroztik, 50.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute estatua museoan, eta oraingo erosketari esker aurrerantzean ere herritar orok izanen du artelan berdingabe horretaz gozatzeko aukera. 

Azken hilabeteotan, hainbat azterlan zientifiko kontratatu dira Euskal Herriko Unibertsitateko espezialistekin, ongi ezagutzeko zer teknika erabili zen estatua fabrikatzeko, zer-nolakoa den haren kontserbazio-egoera, zein den materialaren jatorria, zer zaharberritze-lan egin zaizkion eta polikromia-hondarrik ote duen.  Azterlan horien osagarri, inbaditzaileak ez diren beste batzuk ere eginen zaizkio (mikroskopia, erradiografiak, eta polikromiaren eta brontzearen laginak ikertzea); hartara, estatua sakon aztertzen ahalko da, eta horrek, zalantzarik gabe, gure iragana hobeki ulertzen eta ezagutzen lagunduko digu.


Pieza berdingabe bat
Pompeloko Togaduna arras berezia da, Iberiar Penintsulan erromatarren garaiko bi brontzezko estatua togadun baizik ez direlako aurkitu. Beste aleari Periateko Togaduna esaten zaio, eta Granadako Arkeologia eta Etnologia Museoan gordetzen da. Guztira, brontzezko 13 togadun baizik ez dira aurkitu Erromatar Inperioaren antzinako lurralde osoan, horietako sei Ponpeian eta Herkulanon. Baina ez da bakana horregatik bakarrik: Pompeloko Togadunak berezitasun ikonografiko batzuk ere baditu, oraindik aztertu gabeak, eta baliteke haiei esker jakin ahal izatea nor den irudikaturiko pertsonaia eta zein den haren esanahia. Pieza artelan hagitz interesgarria izateaz gain, berreskuratu den moduagatik ere erreferentziazko kasu bihurtzekoa da Espainian eta are Europako testuinguruan ere.