Historiaurreko bost pieza utzi zaizkio maileguz Akitaniako Museoari

Abauntzeko maparen erreprodukzio bat eta lau pieza paleolitiko ikusgai egonen dira “Historiaurreko artea, Atlantikotik Mediterraneora” izeneko aldi baterako erakusketan.

Nafarroako Museoak historiaurreko bost pieza utzi dizkio maileguz Bordeleko Akitaniako Museoari (Frantzia), “L'Art préhistorique, de l'Atlantique à la Méditerranée” izeneko aldi baterako erakusketarako. Erakusketa 2023ko maiatzaren 24tik 2024ko urtarrilaren 7ra artera egonen da zabalik.

Abauntzeko maparen erreprodukzio bat da erakusketarako maileguz utziko diren bost piezetako bat. Jatorrizko mapa Goi Paleolitokoa da, kilo bat inguruko pisua du eta ez da maileguz uzten ahal.

Bestetik, erakusketak grabatuak dituen orein-adar bat ere izanen du, 10 zentimetroko luzerakoa eta 2,5 zentimetroko lodierakoa, baita 3 zentimetroko lodierako plaka grabatu bat ere, Berroberrin aurkituak biak, Urdazubin; eta, orobat, lanparatarako erabilitako harri bat eta Goi Paleolitoko harri grabatu bat, Abauntzen aurkituak. 

Erakusketa-proiektua 

Erakusketaren helburu nagusia da Pirinioetako historiaurreko arteari buruzko ezagutzak eguneratzea, Frantzian gai horri buruzko azken erakusketa 1996an egin baitzen. Saint-Germain-en-Layeko Antzinako Gauzen Museo Nazionalean baizik egin ez zen atzera begirako hartatik, garai historiko horren ezagutza aberastu duten aurkikuntza aunitz egon dira. Gainera, azterketa- eta lehengoratze-metodo berriek, hala nola faksimileek edo 3Dk, aukera ematen dute historiaurreko artearekin zerikusia duten alderdi guztiak erakusteko, eta horma, haitz eta altzarietako arteak erkatzeko. 


Artea historiaurreko taldeendako

Erakusketak historiaurreko artea zertan zen azaltzen duten teorien berri ematen du, arte hori ezagutu zenetik gaur egun arte landu diren hipotesietaraino; izan ere, oraingo teknologia berriek aurkikuntzak aztertzeko bide oparoa zabaldu dute.

Jendeak, oro har, historiaurreko artearen irudi figuratiboak baizik ez ditu ezagutzen. Arte figuratiboa, hezurretan edo apaingarrietan lantzen dena, gizaki modernoa Europara iristean agertu zen, orain dela 45.000 urte. Hala ere, objektu apainduen dekorazio geometriko oparo eta askotarikoak eta hormetan margotu edo grabatu ikurrak oraindik interpretatu ezin dugun pentsamendu sinboliko aberats eta askotariko baten adierazgarriak dira, eta uste izatekoa da Neanderthaleko gizakiek eginak direla, zeinak 250.000 urtez bizi izan baitziren Europan. Pentsamendu sinboliko horren lekuko gutxi ditugu pigmentu, grabatu eskematiko, fosil eta mineralekin irudikaturik; objektu bakan horietako batzuk Pirinioetakoak dira, eta erakusketak historiaurreko artearen pentsamendu sinboliko horren hainbat lekuko aurkeztuko ditu.