Emakumearen Nazioarteko Eguna 2024

Emakumearen Eguna ospatzeko, Francis Bartolozzi, XX. mendearen lehen erdiko Espainiako arte-panoraman aitzindaria izan zen emakumea, izango dugu hizpide.

Hainbat jarduera programatuko dira, bere irudian eta bere sorkuntza-jarduera garatu zuen testuinguru artistikoan sakonduko dutenak, garaiko beste artista espainiar batzuekin batera. Hain zuzen ere, Tania Ballók hitzaldi bat emango du martxoaren 8an, eta martxo osoan zehar, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, 1.7 aretoan "Las Artes" obraren bisita.

Bartolozzi marrazkilari, margolari, ilustratzaile, kartelgile eta eszenografo bikaina izan zen, pentsamolde modernoa eta bere garaira aurreratua zuena. Bere interes estetikoak haurtzaroa eta nekazal mundua izan ziren, eta bere baliabide estetiko nagusiak, marrazki aske eta espresionista, kolore distiratsua, iruditeria surrealista...

Nafarroako Museoak bere hogeita hamahiru obra ditu bilduman. Alde batetik, Espainiako gerra zibilean egindako lan batzuk gordetzen dira. Hogeita zortzi marrazki dira, senarrak frontean zituzten emakumeek pairatu behar izan zituzten sufrimenduak deskribatzen dituztenak. Gainera, museoko erakusketa iraunkorrean bere formatu handiagoko bi lan ikus daitezke: "Contaminación" (mihise gaineko olioa, 1970eko hamarkada) eta "Las artes" (mihise gaineko teknika mistoa, 1957).

Martxoaren 8an, ostirala, arratsaldeko 19:30etan izango den "Las sin sombrero" konferentziak artista honen figura aldarrikatuko du, baita bere garaian arrakasta nazionala eta nazioartekoa izan zuten emakume, margolari, ilustratzaile, eskultore, zinemagile eta musikagile itzelen belaunaldi oso batena ere. Tania Balló idazle, zinema zuzendari, komisario eta Las Sin Sombrero proiektuaren sustatzaileak emango du hitzaldia.

Jarduera Nafarroako Museoko areto nagusian egingo da. Sarrera librea eta doakoa izango da lekua bete arte.

Nafarroako Museoak Emakumearen Nazioarteko Eguna ikusarazteko proposatzen duen beste ekintza bat Erakusketa Iraunkorrean txertatutako "Arteak" lanari balioa ematea izango da, martxo osoan zehar. Mihise hori museoko 1.7 aretoan bisita daiteke, Iruñeko antzinako katedral erromanikoko kapitelak XX. mendeko pintura bikain horrekin solasean ari diren gunean. Francis Bartolozzik 1957an margotu zuen, bere senarrarekin, Pedro Lozano de Sotés artista iruindarrarekin, elkarlanean (nahiz eta haren sinadura izan obran agertzen den bakarra).