“Aquerreta… eta antzeko. Heian Shodan” erakusketa

Juan José Aquerreta Iruñeko margolari eta eskultorearen erakusketa antologikoa. Espainian eta nazioartean garrantzi eta aintzatespen handiko artista da nafarra. Martxoaren 24tik irailaren 3ra bitartean bisitatu ahalko da aldi baterako erakusketen aretoan (beheko solairua) eta 3.8 aretoan (hirugarren solairua).

"Aragoiko bidea"

Aquerreta... eta antzeko. Heian Shodan erakusketaren komisarioa Pedro Luis Lozano Uriz arte-historialari eta -kritikaria da. Erakusketan Aquerretaren laurogeita hamar obra baino gehiago daude (marrazkiak, pinturak eta eskulturak) Diego de Pablosen bost obra eta José Antonio Jiménezen zazpi. Aquerretaren obretatik hiru Nafarroako museokoak dira (guztira 6 ditu museoak).

Erakusketak omenaldia egiten dio egile nafar garrantzitsuari (2001eko Arte Plastikoen Sari Nazionala), eta haren lanaren motibazio, eragin eta gai nagusiak ezagutarazten ditu. Aretoetan bere lanaren funtsezko generoak erakusten dira: natura hila, paisaia eta erretratua; hirurogeiko hamarkadatik gaur egunera arte egindako obrak dira, artistak azken hilabeteetan egindako marrazkiak barne. Erakusketa osatzen duten obren hautaketan egileak berak parte hartu du, eta hasieratik proposatu zuen elkarlaneko erakusketa bat izatea. Bere obrez gain, Diego de Pablos eta José Antonio Jiménez artisten obrak ere badaude, zeinekin estudioa eta kontu piktorikoak partekatzen dituen. Hori ez da ohikoa, baina kasu honetan ez da harritzekoa, artistak pertsona erdigunean jartzen baitu.

Erakusketaren komisarioaren arabera, Juan José Aquerretaren artea minetik sortzen da. “Pintoreak etengabe islatu du mina, eta hortik dator Schopenhauer-en filosofiarekiko harremana: «Bizitza oro da mina». Hala ere, filosofo alemaniarraren agonia ateoaren aurrean, Aquerretak erredentzio-prozesu bat aurkitu du Kristorenganako fedean”, azaldu du Lozanok. Horrek zentzua ematen dio, bere lan piktorikoari ez ezik, bere existentzia osoari ere, eta aukera ematen dio lasaitasunaren eta bakearen bidetik ibiltzeko. Horra hor erakusketaren izenburuaren bigarren zatia. “Heian shodan”, bakea eta lasaitasuna”, lehen kata da Shotokan karatean, hots, Juan José Aquerretak urtetan praktikatutako kirolean (gerriko beltza lortu du).

Erakusketaren muntaiaren bideoa
Bisita gidatuen programa

Erakusketaren katalogoa

Erakusketaren katalogoan, komisarioaz gain, honako hauek idazten dute: Juan Manuel Bonet (arte-historialaria eta -kritikoa, Espainiako arte garaikideko pertsonalitate ezagunenetako bat, MNCARS-Madril eta IVAM-Valentziako zuzendari ohia) eta Francisco Calvo Serraller (arte-historialaria eta -kritikaria, Espainiako arte garaikideko pertsonalitate ezagunenetako bat, Pradoko Museo Nazionaleko zuzendari ohia). Azken honen testua berreskuratu da oraingorako.

Katalogoaren 300 ale argitaratu dira, eta 20 euroren truke eskura daiteke Nafarroako Museoan eta Argitalpenen dendan (Iruñeko Navas de Tolosa kalea).

Deskargatu erakusketaren katalogoa

Erakusketaren obrak

Bizitzaren sufrimendua erakusketaren lehen aretoan adierazten da, gizakia nahiekin eta sufrimenduarekin kateatutako esklabo gisa erakusten duten obra oso adierazgarriak baitaude (Huida del esclavo de Saturno I). Gizakia izaki tragikoa da, eta suizidatzera ere hel daiteke (Apolo ingrávido, 2º Nacimiento). Hala ere, izaki minberatu honek salbazioa eskura dezake Kristoren erredentzio mezuan, Díptico de San Esteban obran sinbolizatzen den bezala. Koadro horrek, Gorraizko (Nafarroa) San Esteban parrokiako erretaula nagusiak, zuzenean interpelatzen du ikuslea, eta gonbidatzen du hausnartzera bizitzan hartu nahi duen bideari buruz: edo Berri Ona (San Pablorengan irudikatua) ukatzea edo gaitzestea, edo onartzea. Hala ere, Aquerretak gogorarazten digu azken aukera hori ez dela pertsonaren erabaki bat, baizik eta beharrezkoa dela fede-dohaina, koadro abstraktu batean sinbolizatua (Díptico de la Fe), fedea ikusezina baita.

Bakea eta baretasuna bilatze horretan, fedea bezain garrantzitsua da niaren desioen esklabotzaren eta tentazio egolatren aurkako borroka; horregatik, Aquerretaren bizitza eta obra bereziki aszetikoa da, eta hori oso nabarmena da hutsune piktorikoetan, testuretan eta konposizio-elementuen murrizketan. Haren obran, natura hiletan, erretratuetan edo paisaietan, sintesi formaleko prozesu aszetikoa garatzen da. Horrela, idealismoaren eta naturalismoaren arteko oreka lortzen da, erreferentetzat hartuz inguruko eta eguneroko objektuak, paisaiak eta pertsonak.

Prozesu horretan laguntzen dioten gako estetikoak bitxiki kontrakoak dira. Alde batetik, harreman sakona dago klasizismoarekin eta estetika primitiboarekin, eta hori agerikoa da honako hauetan duen harremanean: eskultura klasiko grekoa, Picasso neoklasikoa, Italiako XV. mendeko pintoreak eta Ekialdeko ikonoak. Horien aurrean, Aquerretak modernitatearen aldeko apustua egiten du, erreferentzia abangoardistekin, hala nola Matisse eta Pop amerikarra (Warhol eta abar). Oso garrantzitsua da azken eragin hori, interesa duelako serieetan, argazki-erretratuetan eta ikonoen munduarekiko loturan.

Azken alderdi hori, ikono erlijiosoena, oso presente dago azken obretan, eta 3.8 aretoan erakusten da. Bertan, erretratuaren generoa lantzen duten beste bi artisten lana ere erakusten da: Diego de Pablos eta José Antonio Jiménez. Areto horrek erakusketaren izenburuaren lehen zatiarekin du zerikusia: "... eta antzeko", eta erreferentzia egiten dio mezu bibliko honi: gizakiok Jainkoaren irudi eta antzera eginak gaude. Horrela, edozein gizakiren aurpegiak (haur, adineko, emakume edo gizonenak, Jesusen aurpegia barne) antzekoak dira, guztiak neba-arrebak direlako, Jainkoaren seme-alabak.

Azken batean, askotariko eragin horiekin, Aquerretak ihes egiten du pintura efimero inpresionistatik eta espresionismoaren egotik, eta soluzio pertsonal ia definiezina lortzen du, non batzen baititu alderdi primitiboa eta modernoa, erlijiosoa eta mundutarra, ideala, erreala eta abstrakzioa.

Horrela, Aquerreta definizio guztietatik kanpo dago, eta errukitik baino ezin da ulertu, gizaki, natura edo objektu ororenganako maitasunetik. Sorkuntza osotasun gisa ikusten du, non kreatura guztiak elkarri lotuta dauden; berarentzat eredu bizi bakar bera dago, eta margotu egin daiteke, baita autorretratu gisa ere.

Duela urte asko du Nafarroako museoak harreman hurbila eta etengabea Aquerreta artista eskuzabalarekin, askotariko proiektuen bitartez. 1986, 1991. eta 2013ko erakusketen ondoren, museo honek asmo handiko erakusketa bat eskaini nahi dio, eta artistak ere parte hartu du prestaketan.

Jarduera osagarriak

Erakusketa komisarioarekin batera bisita daiteke martxoaren 26an, igandea, 12:30ean. Gainera, bisitak eginen dira apirileko, maiatzeko eta ekaineko igandeetan, eta Nafarroako Museoaren webgunean iragarriko dira.

Erakusketaren osagarri, Pedro Luis Lozano Úriz artearen historian doktoreak hitzaldi bat emanen du, “Aquerreta, un primitivo contemporáneo” izenburupean. Konferentzia maiatzaren 3an izanen da, 19:30ean, museoko ekitaldi-aretoan.

Bestalde, Aste Santuko haurrentzako tailerrak Aquerretaren erakusketan zentratuko dira. 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerrak apirilaren 11tik 14ra eginen dira, La Chincheta Brunaren eskutik. Izen-emateak Nafarroako museoko leihatilan egin daitezke, museoa irekita dagoen ordutegian; plazak inskribitu ahala emanen dira, bete arte. Inskripzioaren prezioa 15 eurokoa da.